viernes, 20 de abril de 2007

Timisoara, loreen hiria

Timisoara Nord tren geltokia. Goizeko 5:03, ilun oraindik. Egunak dira udaberriko lehen zantzuak agertu zirenetik, baina hala ere gaurkoan hotza etorri da bisitan. Tren estazio kanpoko zero graduek beldurra ematen dute. Zer demontre egiten dut orduan nik hemen? galde egin diot neure buruari. Nire kalkuluen arabera oraindik ordu bat eta erdi falta da lehen eguzki izpiek bazterrak berotzeko. Hortaz, Errumaniako tren geltoki handi batek eskaintzen duen ikuskizun sozio-antopologikoaz gozatzeko prestatu naiz. Itxaron gelara bero bila hurbildu naiz baina gaur bezalako egun hotziletan etxebizitzarik gabeko pertsonek euren bizileku bilakatu dute eta leporaino dago. Telebistako zaratak gidaturik geltokiko kafetegi zuloan amaitu dut ciocolata calda goxo bat hartzen.
Txokolateak beroa eta kalera irteteko ausardia eman didan arren kanpoan berriz ere minutu gutxi batzuen buruan sudur puntatik behera isurtzen zaidan muki ura izoztuta geratu zait. Hotzarekin dardaraz nagoela konturatu naiz. Hankei eragitea da gelditu zaidan irtenbide bakarra. Katedral parera iritsi naizenean jendearen atzetik beste ardi bat banintz bezala tenplu erlijiosoan sartu naiz. Han, zutunik baina bero, meza ortodoxoa irensten hasi naiz. Apaizek otoitza abesti eder bilakatzen duten bitartean jendea etenik gabeko sartu-irtenean dabil. Errumaniako denda askoren antza hartzen diot nik honi. Badirudi elizak ere non stop zerbitzu mota gehitu diola bere programari. Elizatik irten eta oraindik hor jarraitzen zuten otoitz eztien oihartzunek.

Timisoara Balkanetako hiri atsegina da. Parkeak eta hiriaren arteko bat egite liluragarria. Izan ere, zentroan bederatzi berdegune handi daude. Horrez gain hiria zeharkatzen duen Bega kanalak aurreko guztiari bohemiar kutsua ematen dio. Urteko sasoi honetan gainera, aranondoen arrosa koloreko loreek hiria apaindu eta alaitzen dute. Zeruan eta sasitan dauden bele, zozo eta mikei esker ez balitz Errumanian nagoela ahaztuko nuke. 

Arratsaldeko zazpietan erabat gautu du. Egunsentitik iluntzera atsedenik hartu gabe bueltaka ibili naizela konturatu naiz. Energiak berritzeko garaia iritsi da. Lotara joan naiz bele segizio baten laguntzaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario