viernes, 13 de julio de 2007

Somes ibaia

Cluj-Napoca zeharkatzen duen ibaiak Somes du izena. Isilik zeharkatzen ohi du Kolozsvar, ia ohartu ere ez gara egiten uraren joan-etorriaz. Egun hauetan ordea indusmakinen zaratak nire begirada erakartzen du. Azken obra plangintza batek ibai ertzak garbitu eta atondu behar dituela dirudi. Obren ondorioz ibaiaren jatorrizko ur berde iluna marroia dago. Uretan bizi direnetaz larritu naiz eta jakinaren gainean egongo ote ziren burutik pasa zait.
Ibaiaren parte hau XXI. mende hasieran gertatutako hondamendi ekologikotik salbatu zen. Horri esker arrantzaleak patxadaz belarretan eserita ikus daitezke arrainen batek noiz helduko zain. Baia Mareko Somes ibaiaren arro nagusiak ordea, oso bestelako patua izan zuen. Maramures eskualde idilikoaren hiriburuko ibai korronteak zianuroz beteta esnatu ziren 2000ko urtarrilaren 31n. Aurul SA atzerriko konpainiak ibaira 50 eta 100 zianuro tona inguru isurtzen utzi zituen. Metal pisutsuz osatutako nahasketa hiltzaile hori hilabete luze batez Somes, Sasar, Lapus, Tizsna eta Danubio ibaietatik barreiatu zen Itsaso Beltzera heldu baino lehenago. Gertaera hark bat-batean ehunka animaliaren heriotza ekarri zuen. Milurtekoak dituen ibai ekosistema mututu egin zen. Milaka izan ziren Errumanian edateko urik gabe geratu ziren pertsonak, baita Ukrainan, Hungarian, Serbian edota Bulgarian ere.

Tamalez, munduan gertatu diren beste hainbeste hondamendi ekologikoetan bezala biztanleek ahaztua dute jada sigi-saga hiria zeharkatzen duen zera berde horretan gertatutako amesgaiztoa.



Baia Maren gertatutako hondamendi ekologikoari buruz gehiago jakiteko:
http://www.rec.org/REC/Publications/CyanideSpill/ENGCyanide.pdf

No hay comentarios:

Publicar un comentario